Tolosaldea > Gizartea eta kontsumoa > Kontsumo taldeak

Kontsumo taldeak

 

Tolosaldean kontsumo taldeen sorrera bultzatzen ari dira Tolosako udalak, Tolomendi Landa Garapen Agentziak eta Biolur Nekazaritza Ekologikoaren aldeko Elkarteak.

Zer dira?

Kontsumo taldeak, ekoiztutako nekazal produktu jakin batzuk gertuko baserritar bati zuzenean erosteko osatutako taldeak dira, salmenta zuzena oinarritzat hartuta, elkarlana adosten dutenak. Baserritarrak astero bere produktuekin osatutako otarra bat prestatzen dio kontsumitzaile bakoitzari, eta hauetako bakoitzak hilean behin kuota bat ordaintzen dio baserritarrari. Otarra osatzen duten produktuen kantitatea ordaintzen den kuotaren araberakoa izan ohi da eta kuota, taldeko kontsumitzaile guztientzat, hilero berdina.  

Informazio gehiago nahi izanez gero, egin klik hemen eta ezagutu hobeto zer diren eta nola kudeatzen diren.  


Tolosaldeko kontsumo taldeak

Tolosaldean ere kontsumo taldeak eratu dira. 2010ko ekainean 18 familiez eta 3 ekoizleez osaturiko lehenengo Basherri taldea sortu zen Tolosan. Astelehenero, 19tan Tolosako Zerkausian egiten dute otarraren banaketa. (Basherri taldeen blogean dago taldeko informazioa).
 
2010eko urrian beste 15 familiez osaturiko taldea sortu zen Tolosan. Bi taldeek ekoizle berdinak konpartitzen dituzte.
 
2010eko azaroan 18 familiez eta momentuz ekoizle batez osaturiko Basherri taldea sortu da Zizurkilen. Aiztondoko Bailareko kontsumitzaileek osatzen dute eta udaberri bitartean eta baratzaren planifikazioa egin arte otar bat jasoko dute hilean.

 

Onurak

Kontsumitzaile eta ekoizleen arteko hurbiltasuna sustatzen du, besteak beste onura hauek eskainiz:

  • Bertako nekazaritza bultzatzen da eta ekoizle berriak egotea ahalbidetzen du

  • Lekuko ekonomia bultzatzen du, prezio duinetan lan eginez bai ekoizle bai kontsumitzailearentzat.

  • Ekoizteko eredu ekologikoa hedatzen du

  • Lurraren emankortasuna zaintzen du, baserriaren biziraupena bermatuz

  • Elikagaiaren ekoizteko era eta nekazal errealitatea gertutik ezagutzeko aukera du herritarrak

  • Garraioak eragindako kutsadura gutxitzen da, bertatik-bertarako ekimena izanik

  • Paisaia eta kultura babesten laguntzen du

  • Zabor gutxiago sortzen du

  • Elikadura Subiranotasunaren alde egiten du, elikagaien inguruan erabakitze ahalmenak berreskuratuz, bai ekoizleek, baita kontsumitzaileek ere.

 

              

© TOLOSALDEA GARATZEN. SAN ESTEBAN 20, 20400 TOLOSA · 943 65 45 01 · F. 943 65 45 02 · tolosaldea@tolosaldea.net · Lege oharra