Enpresak > Lehiberri
LEHIBERRIAK
2010ko otsailetik aurrera LEHIBERRIAK izeneko berripapera argitaratzen da LEHIBERRIren inguruan eguneratuta egoteko eta beronek sustatutako ekintzen inguruan informazio zehatza enpresei helarazteko.
Gainera, indarrean dauden dirulaguntzen inguruko informazioa ere jasotzen da bertan, eskualdeko enpresen inguruko berriez gain.
LEHIBERRI ZENTROko kolaboratzaileak
LEHIBERRIk -Tolosaldeko Lehiakortasun eta Berrikuntzarako Foroa- sustatuta, 2012tik aurrera Tolosa-ko APATTAERREKA industrialdean LEHIBERRI ZENTROA martxan izango da. Tolosaldeko enpresen garapenerako, elkarlanerako eta formaziorako gunea izango da, eta abian jartzen den unetik aurrera, Lehiakortasun eta Berrikuntza Zentro hau Tolosaldeko eragile sozioekonomiko guztien erreferentzia gune bilakatuko da.
FOROAk, 2007an sortu zenetik aurrera beste eragile batzuez gain, eskualdeko orotariko sektore ekonomikoak ordezkatu dituzten enpresa forokideak izan ditu, eta, bere baitan eskualdeko enpresen eskura jarri diren hainbat programa, formakuntza eta jardunaldi burutzea erabaki du. Behin LEHIBERRI ZENTROA zabaltzen denetik aurrera, batetik, FOROra eskualdeko enpresa guztiek atxikitzeko aukera izango dute, eta, bestetik, FOROAk bere jarduera aurrera eraman ahal izateko gune fisiko bat izango du.
Nola parte har dezake enpresa batek LEHIBERRI FOROAN?
Horretarako KOLABORATZAILEAren irudia sortuko da.
Nor izan daiteke KOLABORATZAILE?
Tolosaldeko 28 herrietako (Abaltzisketa, Aduna, Albiztur, Alegia, Alkiza, Altzo, Amezketa, Anoeta, Asteasu, Baliarrain, Belauntza, Berastegi, Berrobi, Bidegoian, Elduain, Gaztelu, Hernialde, Ibarra, Ikaztegieta, Irura, Larraul, Leaburu-Txarama, Lizartza, Orendain, Orexa, Tolosa, Villabona-Amasa eta Zizurkil) edozein enpresa egin daiteke LEHIBERRIko KOLABORATZAILE .
Zein da KOLABORATZAILEAren funtzioa FOROAn?
Enpresa kolaboratzaileak LEHIBERRIko kolaboratzaileen urteroko topaketan (Batzar orokorra) parte hartuko du, eta, batetik, FOROAn enpresek izango dituzten ordezkarien hautaketan parte hartuko du, eta, bestetik, FOROAn enpresek izango dituzten ordezkari bezala hautatua izan daiteke. Halaber, urteroko topaketa horretan LEHIBERRIk jarraitu beharreko lan-gidoia finkatuko du gainontzeko KOLABORATZAILEekin batera.
Azkenik, KOLABORATZAILEA forokide hautatua izan bada, urtean zehar erregulartasunez FOROAk egiten dituen bileretan parte hartuko du.
Zein izango dira LEHIBERRIren 4 ardatz estrategikoak?
1) FORMAKUNTZA: Lehiberrik eskainiko duen zerbitzuetako bat formakuntza izango da. Batetik, Informazio eta Komunikazio Teknologien (IKT) inguruan prestakuntza eskainiko da. Lehiberri kudeaketa aurreratuko formakuntza eskaintzeko gelak izango dituen lehen Zentroa izango da. Horrela, eskualdeko enpresariak industria kudeaketan erabiltzen diren azken tekniketara hurbilduko ditu, enptresetan dauden gabeziak asetzeko asmoz, eta eskualdean sortzen diren beharrei erantzunez.
Horrela, Lehiberrik, euskal enpresen lehiakortasun- eta berrikuntza-gaitasuna indartzeko lan egiten duen Euskadiko Zientzia eta Teknologia Sarea-rekin zubi-lana egingo du.
2) EKINTZAILETASUNA: Lehiberrik proiektu berritzaileentzako hazitegi bat eta zazpi haztegi izango ditu, ekintzaileek, bertan euren enpresa-ideiak garatu ahalko dituztelarik. Horrekin lortu nahi diren helburu nagusiak ondorengoak dira: enpresa berrien sorrera eta hauen finkatzea, lanpostuak sortzea, azpiegitura fisiko bat eskaintzea, eta, azken batean, lehiakortasuna areagotzeko aukerak eskaintzea.
3) ELKARLANA: Zentroan dauden Bilguneek enpresen arteko elkarlana sustatuko dute bakarka ezinezkoak izango liratekeen proiektu jakin batzuk taldeka aurrera eramateko. Bilgune mota ezberdinak egongo dira: sektoreen artekoak, prototipoak garatzekoak eta produktuak garatzekoak. Elkarlanerako erraztasun hauekin enpresek sinergiak elkarbanatu ahal izango dituzte, adibidez, nazioarteko merkatuetara irtetzeko.
Gainera, erakusketa gela bat, bilera-gela ezberdinak, eta, ehun pertsonentzako auditorio bat ere aurkitu ahal izango ditugu bertan, Tolosaldeko sektore ekonomiko nagusiek erakusleiho bezala erabili ahal izateko.
4) INTERNAZIONALIZAZIOA: Lehiberrik, batetik, Tolosaldeko enpresak nazioarteko merkatu berrietan sar daitezen, eta, bestetik, Tolosaldea bera atzerriko enpresen interesgune izan dadin, atzerrian lankidetzak sustatuko ditu.
Iraupena eta atxikitze kuota:
FOROra atxikitutako enpresek LEHIBERRI ZENTROAren zerbitzuak eta instalakuntzak erabiltzeko eskubidea izango dute, batzuetan dohainik, eta, beste batzuetan hobaritutako prezio baten truke. Horretarako ezartzen den atxikitze-aldia urte batekoa izango da, eta urteko kuota 100€-takoa izango da 10 langiletik beherako enpresentzat, 200€-takoa 10 eta 49 langile bitartekoentzat, eta, 300€-takoa 50 langile edota gehiagoko enpresentzat, 2014ko urtarriletik aurrera.
Nola atxikitu naiteke LEHIBERRIra?
Horretarako Tolosaldea Garatzeneko Enpresa Sailarekin jarri behar da harremanetan edota orrialde honetan goran eskubitara dagoen ATXIKITZE INPRIMAKIA bete behar da (enpresa@tolosaldea.net / tel: 943 65 45 01).
Dokumentuak:
- Lehiberrira atxikitzeko inprimakia
291 Kb - Lehiberriak 5
666 Kb - Lehiberriak 4
510 Kb - Lehiberriak 3
593 Kb - Lehiberriak 2
756 Kb - Lehiberriak 1
804 Kb