Albisteak
2012(e)ko otsailaren 15(e)an
Tolosaldeko udaletako ordezkariek Ultzamako biogas plantara bisita egin dute
Tolosaldea Garatzenek antolatu du bisita, iraukortasunean oinarritutako esperientzia berritzaileen trukaketa sustatzeko helburuz
Energia berriztagarrien sorkuntza iraunkortasunaren alor nagusietako bat dela jakinik eta iraunkortasunean oinarritutako garapen politiken aldeko apostua eginik, biomasaren eta biogasaren sorkuntza, ustiapena eta aprobetxamenduaren inguruan esperientzia bat ezagutzera joan gara Tolosaldeko ordezkaritza politiko eta tekniko talde bat. Ultzamako udaleko Patxi Tornaria injineru eta zinegotziak hartu gaitu eta bisita guztian azalpenak eman dizkigu.
Lehenik eta behin Ultzamako udalak dituen eraikin publikoak berotzeko biomasako berokuntza sistema zertan datzan azaldu digu. Kiroldegiaren ondoan dagoen biomasako kaldera handiak (eta pelleteko beste bi kaldera txikiagoak) hornitzen ditu udal eraikina, kultur etxea, osasun etxea, kiroldegia, piszina eta ikastetxea, guztira, 10 eraikin. Eraikin guztiak konektatuta daude hodiz eta biomasako berokuntza sistema bateratua erabiltzen dute.
Ultzamako biogas planta bailarako abeltzaintza ustiapenen purinak kudeatzeko arazoak ekiditeko eraiki zen. Horrelako plantetan prozesatzen den behi purinekin argindarra, bero termikoa, konposta eta usainik gabeko likido ongarria lortzen da. Orain arte, ongarri honen energia belardietan bukatzen bazuen ere erabili gabe, gaur egun planta honek 500kW eguneko eta 865kcal eguneko sortzen ditu naturalki.










