Albisteak
2012(e)ko otsailaren 9(e)an
Tentsio altuko lineako proiektua atzera botatzea eskatu dute udalerri kaltetuek
Gipuzkoa eta Nafarroan ezarriko diren 240 dorreak osasunean eta ingurumenean eragingo dituen kalteen beldur dira
Red Eléctrica de España, energia elektrikoaren banaketaz arduratzen den estatuko enpresak, Nafarroatik Gipuzkoara tentsio altuko linea bat zabaltzeko ikerketa egiten ari da. Garrantzi handiko proiektua da, izan ere 120 kilometrotan 240 dorre eraikitzea aurreikusten du linea honek. Deikaztelu eta Ezkio-Itsaso elkartuko ditu 400 kilovatioko linea honek eta Estatuan daiteken potentzia altuena izango du. Bi ibilbide aztertzen ari dira eta biek batera 166 udalerri kaltetzen ditu, horietatik 48 gipuzkoarrak. Tolosaldeko herri kaltetuak dira Abaltzisketa, Albiztur, Alegia, Alkiza, Altzo, Amezketa, Baliarrain, Belauntza, Berastegi, Berrobi, Bidegoian, Elduain, Gaztelu, Hernialde, Ibarra, Ikaztegieta, Larraul, Leaburu, Lizartza, Orendain, Orexa eta Tolosa. Denak proiektuaren kontra agertu dira eta aurkako mozioak onartu dituzte.
Mozioak desadostasuna azaltzen du proiektuarekiko, baita Red Electrica de España SA enpresa bultzatzaileak aurkeztu dituen dokumentuekiko ere, «interes orokorreko justifikaziorik ez duela» argudiatuz.
REEk aurkeztu duen proiektuak, alde batetik, Deikaztelu eta Ezkio-Itsaso elkartu nahi ditu 400 kv-ko goi tentsioko linea batekin. Bestetik, Deikaztelu eta Castejon elkartuko lituzke. Autopista elektriko honek eskualdean herri kaltetu ugari sortuko lituzke. Leitzatik Tolosaldeara iritsiko litzateke, hemendik Goierrira joateko. Baliarrain adibidez, lineatik 280 metrora geldituko litzateke, eta Ugarte auzoa 500era; Aralar parke naturala ere inguraturik geldituko litzateke.








